Hezkidetzari bere lekua emanez
“Genero femeninoa edo maskulinoa alde batera utzita hezten dituena, hots, sexu-desberdintasunetik abiatuta hezten dituena, beren banakotasunaren garapena bultzatuta, baina gizarte sexista batetik sexu batekoa edo bestekoa izateagatik betetzeko eskatzen zaizkien rolak kontuan izan gabe” ( Mª José Urruzola 1995: 267).
“Emakumeen eta gizonen arteko eskubideen, aukeren, betebeharren, lanaren… berdintasuna helburu duen hezkuntza-eredua da hezkidetza” (Luixa Reizabal, 2016).
“Desberdintasunetatik abiatuta berdintasunean heztea da, oso xede garbiarekin: etiketarik gabeko mundua eraikitzea, non pertsonak maila berean egongo baitira, beren eskubide eta askatasunekin ” (Amelia Barquín, 2016).
Hiru ahots, helburu bat.
Hezkuntza-sistemako desparekotasunaren adibide ohikoena androzentrismoa da. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, «munduari eta gizarte-harremanei gizonaren (eta ez gizon-emakumeen) ikuspuntutik begiratzea» da androzentrismoa. Definizio hori hezkuntza-sistemara eramanda, maskulinoa ikaskuntza-foku nagusi gisa kokatzen duen hezkuntza alboratuan hezurmamitzen da androzentrismoa. Hizkuntza sexistaren bitartez, emakumeak eta haien ekarpen historikoa ikusezin bihurtuta, hezkuntza-sistemaren barruan erantzukizuneko lanpostuak emakumeen eta gizonen artean modu desorekatuan banatuta, ikastetxeen barruan aisia-espazioetan kirol «maskulinizatuak» ezarrita, eta beste hainbat modutan. Androzentrismoa, gainera, sexismo-moldea den aldetik, askoz ere sotilagoa da eskola mistoan, genero-berdintasuna inplizitu daramala uste baita.
Aurrekoa kontuan izanik, hauek izango lirateke hezkidetza-eskolak planteatzen dituen helburu nagusiak:
- Emakumeen jakituria eta ekarpen sozial eta historikoa diziplina guztietan txertatzea. Emakume asko dira eta izan dira historia aldatzen lagundu dutenak eta beren diziplinen barruan erreferente handiak izan direnak. Haiek berreskuratzeak, ikusgai egiteak eta gure ikasleei ezagutzera emateak ezabatu egiten du errealitatearen parte hori ezkutatzean sortzen zen genero-joera, baina gainera, erreferente femeninoak sortzen ditu neskentzat, baita mutilentzat ere.
- Emakumeen jakituria eta ekarpen sozial eta historikoa diziplina guztietan txertatzea. Emakume asko dira eta izan dira historia aldatzen lagundu dutenak eta beren diziplinen barruan erreferente handiak izan direnak. Haiek berreskuratzeak, ikusgai egiteak eta gure ikasleei ezagutzera emateak ezabatu egiten du errealitatearen parte hori ezkutatzean sortzen zen genero-joera, baina gainera, erreferente femeninoak sortzen ditu neskentzat, baita mutilentzat ere.
- Berdintasuna ageriko curriculumean: ezartzen diren oinarrizko jakintzen berrikusketa egitea, tradizioz femeninoak izan diren eta ikusezin bihurtu diren esferak sartzeko, adibidez zainketaren etika, ikuspegi feministatik begiratuta. Halaber, ohiko rolak eta estereotipoak gaindituko dituzten ereduak eskainiko dira.
- Aniztasunaren molde guztiak txertatzea ikastetxean: sexu, genero, klase soziala, kultura, jatorriko herrialdea, erlijioa, sexu-aukera eta abar.
- Baliabideen eta espazioen erabilera bidezkoa sustatzea. Espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolakuntzak ere garrantzizko eginkizuna betetzen dute balio eta arau sozialen transmisioan. Horregatik, espazio eta baliabide horiek modu orekatuan erabiliko direla bermatu behar da.
- Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea eta tratu ona sustatzea. Indarkeria gure gizarte desorekatuen osagai estrukturala da. Hori dela eta, kritikoak izan behar dugu nagusitasun eta mendetasuneko eskema patriarkaletan oinarritutako harremanekin, eta tratu onetan hezi, justiziaren etikatik eta zainketaren etikatik.